XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lauburua

Lauburua deitzen diogu euskaldunok gure sinboloen artean oso geure aitortzen dugun lau besotako irudi ezagunari.

Jakingarria da, itxurak gorabehera, lauburuak ez duela seguruenera ere euskal jatorririk.

Izena bera ere erromatarrek zerabilten lábaro-tik moldatua baitu fantasiazko etimologia eginaz, -lau buru- Azkuek jasotzen duenez.

Lauburuaren sorburu izan den swástika Indiatik heldu da nonbait, guganaino, eta swástika izena sanskrito hizkuntzan zerabilten.

Neolitikoan edo, iritsi zen Erteuropara.

Euskal Herrian ezagutzen diren lehenak Bizkaian daude: Meñakan, zaharrena. J. San Martinen esanera, harlanduz egina da eta burdinarokoa daiteke, eta lau ez baina hiru beso ditu.

Bigarrena askoz ere geroagokoa da; Elorrioko Argiñetan dago.

Lauburuaren irudiak keltek zabaldu zituzten eta Europa osoan zehar ikus daitezke.

Euskal Herrian arrunt hedatu denak ez du marra errektangularrik; kakotx itxurako forma bihurriz taiutua da.

Egia da, dena dela, forma errektangulardunak ere badirela.

Ez dago argi Lauburuak zer esan nahi duen.

Itxuren arabera, eta ikerlariek diotenez, eguzkia izan daiteke bere baitan jiraka; eta zori onaz, hau da, zorte onaz erlazionatzen da.

Lauburua Europan ere barreiatu zela esan badugu, gisa da aitortzea inon ugari aurkitzekotan Euskal Herrian egin daitekeela, beste inon baino: elizan, hilobi, atalburu nahiz kutxetan.

Garaiko kodizeetan ikus daitekeenez, Nafarroako Antso III.aren (992-1035) soldaduek ere beren ezkutuetan lauburuaren irudia zeramaten.

Gaur lauburuari ezartzen zaizkion sinboloen artean erlijioarena ukatu gabe erlijio berarekin batera aldatuxea badaiteke ere euskalduntasunarena edo euskal izatearena da nagusi.

Argiñetako hilerria (Elorrio)